Pasaiko erraldoiak lagundu ditugu Markelen eskutik, erraldoi eramalea eta Konpartsaren kide indartsua bainan gurekin atabalean ibili da bere beste artista aldea erakusten.
Erraldoien betiko egitaraua izan da: kalejirak...
... eta baltsak; geunden konpartsa bakoitzari herriaren leku berezia egokitu zaio Sakanako mendiez inguraturik.
Beste urte guziz bezala, heldu eta berehala, zubiaren gaineko argazkia hartu dugu. Aurten pena joaitekoa faltako zaigula.
Eta hortikan dianarekin hasi gira karrikak tenore huntan hutsik zirela baliaturik, mementuz lasai lasai. Aurten gainerat Mathieuk lagundu gaitu eta erreportai ederra egin digu.
Noizbehinka piezaren bat jotzen dugu nunbait geldirik.
Diana bukatzean indarrak hartu behar dira eta kafea edo xokoleta kruasanekin lagundurik derrigorrezkoa zaigu erraldoiekin hasi aintzin.
Urte luze bat pasatu ondoren gure erraldoi maitia agurtu dugu eta elkarrekin kalejirekin hasi gira.
Erraldoiekin bukatu ondoren aperitifarekin segitu dugu. Barrikak zituen ostatu bat baliatu dugu Debako Martxa jotzeko.
Bainan zerbait ederra bada Baionako aperitifan, jendea kantuz ari den bitartean laguntzea da; aurten gainerat aspalditik jotzen eta kantatzen ikusten ez genituen Ramuntxo, Philippe eta Yves atxeman ditugu Lous Tilholes elkartean, nola ez, hortik pestaren kantari guziak, kaskoinak edo euskaldunak, pasatzen baitira. Momentu zoragarria izan da.
Muthiko Alaiak dantza taldeak berriz deitu gaitu Olentzero Igeriketa Klubera laguntzeko. Hor bazituen dantzarien seme alaba-ttipiak zain. Zenbait dantza eskatu dizkiote Olentzerori eta guk eguberri kantak.
Aurten musikari guttiago ukan dugu gure laguntzeko eta Peio egon da bere tronpeta goxoarekin gure errepertorioa interpretatzen.
Ikastolen eta euskaren pesta erraldoiak musikalari ezberdinak elkartu ditu: hasierako ekitaldian Peiok Paz de Ziganda Ikastolako Igor ikasle ohia eta aurtengo Oinez kantuaren sortzailearekin jotzeko parada ukan du. Lehenbiziko doinua bakearen aldeko erreserkia izan da: Bake mina, hortarako Ikastolako abesbatzak gaiteroekin batera Ane Etxegoien botza lagundu du.
Ekitaldiaren bukaeran Igorren kantua kantariekin eta beste ikasle ohia den Julen eta bere adixkide metal joleekin batean interpretatu dugu momentu hunkigarrian.
Halaber Uharteko eta Atarrabiakoekin erraldoiek Ikastolakoekin batera parte hartu dute eta hortarako Ikastolako gaiteroa Ibai eta atabalaria Xabi izan dira Peiorekin batera musika emaleak.
Azkenik gaitero helduen txanda heldu da Enekorekin baita 2016etik gurekin jotzen ez zuen Jon atabalariarekin ere. Inguruko lagunen solasaldi fina eta iragarkiak barkatuko dizkiguzu otoi, bideoa gurea ez baita.
Pasaiako Erraldoien Konpartsa Irurako San Migel pestetan laguntzeko plazera ukan dugu eta plazer bikoitza izan da Aritz gurekin izan baitugu, aspaldiko partez.
Heldu bezain laster eta kalejira hasi gabe ere lehenbiziko baltsa jo behar izan dugu herriko plazan.
Gero herriko karriketan ibili gira beste zenbait konpartsekin batean.
Barañaingo erraldoiak lagundu ditugu Bronce Peñak urtean behin antolatzen duen Bronce Solidario egunean, Egun hortarako Barañaingo konpartsaren lehendakaria den Ivan erraldoi petik kendu dugu eta atabalean lagundu gaitu gustu haundiz.
Konpartsa hunekin ibiltzea plazer bat da eta gainera beraiek egin digute erreportaia: muntai ederra zinez.
Karlos III. duela 600 urte zendu zela oroitzeko bere koroatzea antzeztu dugu Muthiko Alaiak Peñak antolaturik. Kondestable Jauregitik katedrala artio lagundu dugu eta hor berriz koroatu ondoren Udaletxera itzuli gira. Nahiz eta erabakia hartzeko zorian izan giren, ertaroko jantziak ez dira gure arropa berria izanen atsalde honen izerdialdiarekin aski ukan baitugu. Raul izan dugu lagun XIII. mendeko musika taldea osatzerakoan.
Herensugeak gibela berotu digu egun "freskoa" ginuela baliatuz.
Flickr-eko komunitatekoa den Malko Vich-ek bere argazki paregabeak helarazi dizkigu eta eskerrak eman behar dizkiogu.
Aurtengo Baionako bestak bereziak izan dira taldearen partaideen aldetik, egunen arabera aldatzen joan direlakotz.
Bi egunetan Mikel ukan dugu atabalari hasteko, iaz bestak bereziki gozatu zituela baliaturik eta lehenbizikoan Joseba izan da bigarren gaiteroa.
Autoritatea laguntzea ez zaio inporta eta eguna ederki gozatu du ezagutzen ez zituen bestak deskubrituz.
Bigarren egunean Peiok Joseba ordeztu du eta diana jo ondoren erraldoiekin elkaru gira.
Eta gero betiko plana: kalejirak...
eta kalejirak.
Aurten ez dugu aperitifaren argazkarik bainan behar den bezala egin dugula segurtatzen dugu. Tradizioa bilakatu den agurtzeko argazkia egin dugu aldiz.
Nahiz eta hain gazteak ez izan Olentzero gurekin hartzea haurrek bezain bat gozatzen dugu gure adinean ere. Hortarako Muthiko Alaiak Dantza Taldea lagun izan dugu aurten berriz ere.
Beste urteetako lagunak errepikatu ditugu: hor ginituen Peio , Imanol eta Julen. Aurtengo prestatu dugun eguberri kanta berriren bat jo dugu...
... nahiz eta gainerateko errepertorioa berdina izan.
Halaber dantzariak lagun ditugu gaita...
... edo txirula joz.
Olentzerok haurrei goxokiak eman dizkio eta guri argazki pollit bat.
Aurtengo Haizaldi Egunak hasiera bitxia ukan du Iruñeko Udalak erdigunean bakarrik bi diana ibilbide baimendu baitizkigu (talde gehiago izanaez geroz auzoetarat joan beharra): Eskola hiri zaharretik ibili da eta gu oraindik erori ez diren Los Caidos-etik Gazteluko Plazaraino. Tarte hortan zonbait aldiz gelditu gira auzoak jazartzeko.
Gero elkartearen aintzinean bildu gira hamarretako goxo goxoa jateko bazkide guziak eta Baionako Zahakin elkartetik jin zaizkigun adiskideekilan. Udalaren debekuaren beldurrez kafearen inguruko lehenbiziko piezak jotzeko dudak izan dira bainan azkenean betiko giroa sortu dugu.
Haizaldi Egunari eta Zahakinekin dugun elkartrukeari forma gehixeago emaiteko talde argazkia egin dugu.
Ondoren kalejira jotzen ausartu gabe triste triste bermuta edaterat joan gira eta hor, hurrup eta klikaren poderioz jotzen hasi gira berriz ere.
Tabernaz taberna hain beste ibiliz gosea sartu zaigu eta Gureleku elkarterat bazkaiterat joan gira horko bazkidea dugun Mikelek gomitaturik: leku ederra eta bazkari ederragoa!
Zahakinekoek gose joan direla ez dute erranen.
Bazkal ondoren eta debekurik ez ginuela baliaturik bazkide zaharrek eskolako gazteekin pieza baten bat jo dugu eta betiko bazkalondoa montatu da.
Aurtengo besten datek San Ferminekin bat egin dute eta Iruñetik eskapatu izan behar dugu; jendeak ea zer demontre ari ginen Baionan behin eta berriz galdegin digu eta azalpen gero ta bitxiagoak eman dizkiogu.
Betiko zubitik sartu gira Baionan eta betiko argazkia egin dugu; gainera Mikel gure aurtengo atabalaria nolabait bataiatu behar ginuen, bere lehenbiziko aldia baitzen Baionako pestetan!
Egitaraua errepikatu dugu dianarekin hasiz eta gero erraldoiak lagunduz.
Erraldoiak herriko etxean Leon Erregearekin utzi ondoren aperitifarekin hasi gira ez baita lan makala, dantzak jo ditugu baina ez dugu dantzari haundirik ikusi.
Hala ere kantariak atxeman ditugu eta geroxeago ere txistulari finak.
Aurten ez dugu Zahakinen bazkaltzeko parada ukan gure horko adixkideak San Ferminetan baitziren, hau plan bitxia: Iruñekoak Baionako pestetan eta Baionakoak San Ferminetan, nork daki zer logika duen hunek!
Peioren alaba Kattalin Andonirekin ezkondu zaigu eta senideek Agurra dantzatu diote eta guk jo. Hortarako Diego lagun izan dugu 3. gaitan.
Agurraren konponketa hau Haizaldiren inaugurazioan estrenatu ginuen 1997an eta geroztik, nahiz eta disko batean grabatu, ez dugu kalean jo, hau zen freskatzeko parada ederra!
Baionako pesten egitaraua pixka bat aldatu dugu aurten: dianak jotzen genituen bitartean katedraleko kalostrapetik pasatu gira eta, otoitzik ere bota gabe, argazki ederra atera dugu.
Diana bukatu ondoren Leon Erregearen kortea diren erraldoiak lagundu ditugu.
Gure arrakasta hain haundia izan da nun eta hara! prentsan ere agertu gira:
Erraldoiekin bukatu ondoren aperitifa dagokigu eta, egia erran, hainbeste jo eta, zonbait traguk ez dute kalterik egiten.
Berez argazki hau Mediabaskeko argazkilariak utzi digu eta Berrian agertu da (ez dakigu argazkilaria ostatuan zen bitartean kazetaria Karrikaldian zegoen... prentsak dituen gauza bitxiak): Berrian artikulua
Katedralarekin ideia finkoa dugula usteko duzue bainan bere sarrerako arkupean jotzea mementu berezia da, duen soinuaregatik eta pestazaleengandik pixka bat urruntzeko... ez sobera luzaz.
Zahakin elkartean bazkari ona eskaini digute, konpainia hobearekin eta, sorbete txanda jo eta edan ondoren, Baionako pestei agurra eman behar izan diegu.